Simulazioa

Simulazio honetan leiar grabitatorio fenomenoari buruz bisualki ikas daiteke. Leiar grabitatorio deitzen diogu eremu grabitatorio baten espazio-denbora kurbatutik pasatzen diren fotoien desbiderapenari. Iturri urrunetik datozen argi izpiak ez dira zuzenak (erreferentzia sistema Euklidearrean) masadun objektuetatik hurbil pasatzen badira, adibidez, izarretatik, galaxia multzoetatik edo materia ilunetik hurbil, gure ikus-lerroaren norabidean. Zerura begiratzen badugu fenomenoa ikus dezakegu, masa bat (leiarra), gu eta beste masa kosmologiko (iturri) baten artean dagoenean. Leiarraren eremu grabitatorioak iturritik datozen fotoiak kurbatzen ditu; hori dela eta, iturria deformatuta, handituta eta benetan dagoen posiziotik kanpo ikus dezakegu.

Simulazioan leiarrak sortutako efektua hiru kasu desberdinetan azter daiteke:

1. Masa-puntual leiarra eta masa-puntual iturria

2. Masa-puntual leiarra eta iturri zabaldua

3. Leundutako esfera isotermo leiarra eta iturri zabaldua

Hasieran lehenengo kasua agertzen da, baina beste bietara pasa daiteke zerrenda zabalduz eta miatu nahi dena aukeratuz.

Hiru kasuetan ezkerreko grafikoan iturri planoa agertzen da iturriarekin eta kaustikoekin. Eskuineko grafikoan leiar planoa dago iturriak sortutako irudiekin eta kurba kritikoekin. Leiarra leiar planoaren jatorrian kokatuta dagoela suposatuko dugu. Grafikoen azpian aldagai batzuk daude; beraien balioak alda daitezke inposatutakoaren desberdina den bat idatziz. Leiar fenomenoa nola aldatzen den ikus daiteke. Iturria leiarrera asko hurbiltzen denean gertatzen dena ikusteko (elkarrengandik oso urrun egon daitezke baina gu zeruan ikusiko genukeena kontsideratzen dugu: leiar, iturri eta irudia plano berean), βx eta βy aldagaien balioak alda daitezke edo iturria saguarekin hartu eta nahi den lekura eraman. Iturriaren posizioa aldatzean irudia aldatzen dela nabari daiteke. Kurba kritikoak eta kaustikoak agertu eta desagertarazten dituen botoi bat dago, kurba hauek gida moduan bakarrik daudelako; ez dira errealak. Irudien magnifikazioa agertu eta desagertarazten duen botoi bat ere badago. Klikatuta dagoenean irudiaren zonalde bakoitzean distira desberdina ikus daiteke; ez dagoenean, irudi osoa kolore berdinarekin agertzen da (horia). Magnifikazioaren eskala honakoa da:

Moreak magnifikaziorik txikiena eta gorriak handiena adierazten du. Reset botoi bat dago, aldagaien hasierako balioa berreskuratzen duena, leiar eredua aldatu gabe. Goiko aldean, eskuinean, zoom moduko bat dago, grafikoen eskala aldatzen duena. Aurkezpenean agertzen diren aldagaiak hauek dira:

• M → Leiarraren masa

• Ds → Iturri eta behatzailearen arteko distantzia

• Dd → Leiar eta behatzailearen arteko distantzia

• Dds → Leiar eta iturriaren arteko distantzia

• Erradiox → Iturri zabalduaren erradioa x norabidean

• Erradioy → Iturri zabalduaren erradioa y norabidean

• Zentrux → Iturri zabalduaren zentruaren x koordenatua

• Zentruy → Iturri zabalduaren zentruaren y koordenatua

• σv → Leundutako esfera isotermo leiarra osatzen duten izarren dispertsio abiadura

• θc → Leundutako esfera isotermoaren nukleoaren angelua

• βx → Iturriaren x koordenatua masa-puntual iturriaren kasuan

• βy → Iturriaren y koordenatua masa-puntual iturriaren kasuan

θc Dds, Ds eta σv-ren balioekin finkatzen da. Ds Dd eta Dds-rekin finkatzen da. Hau dela eta ezin dira aldatu aurkezpenean; beste guztiak, ordea, bai. Saguaren kurtsorea aldagai baten edo grafiko baten gainean kokatzen bada, horren azalpena agertuko da.